XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Baina goazen aurrera euskarari buruz Krutwig jaunak agertzen zuen pentsakera azalduz. Ni laster konturatu nintzen herri izena ez zuela erabiltzen gure arteko gehienek bezala. Kultura-hitzak erabiltzean, berriz, grekoaren eta latinaren ortografia gordeten zuen ipi-apa guztiekin. Hori da, noski, bai fransesak, bai alemanak eta bai inglesak ere segitzen duten bidea.

Baina jokabide hori hartzea ez ote doa, gero, herriaren kaltetan? Ez ote da herriari bere hizkuntza zailtzea? Nik ez dut auzia erabakiko: auzia denon aurrean jarri besterik ez dut egingo.

Entzuna eta irakurria ere badut ortografia hori onartua dagoen herrietan jende dexentek ez duela sekula bere hizkuntzaren ortografia ondo ikasten. Izan ere, idazkera hori menderatzeko estudio bereziak egin beharra dago, eta hori ez dago denon eskumenean.

Luis Mitxelena jaunak esaten zuen ortografia hori onartzeko berak ez lukeela zalantzarik izango, baldin eta gehientsuen kaltetan dela ikusiko ez balu. Arau horrekin, alegia, ortografia ikastea askori zaildu egiten zaiola ikusiko ez balu.

Pierre Lafitte jauna ere ez dut uste ortografia hori denei eskatzearen aldeko zenik. Herriak hitzak ahoskatzen zituen bezala idaztera jotzen zuela uste dut.

Gure Euskal Herria bitaratua dago. Iparraldeko euskaldunek frantsesarekin dute har-emana eta hizkuntza horrek kultura-hitzen ortografia onartzen du. Espainolak, aldiz, ez maila hortaraino ez, behintzat. Egoera horretan, guk zer egin dezakegu? Bitaratuak gaude. Zer irteera eman auzi honi? Beharko da ikusi.

II. IDAZLE-ZERRENDA (MUGATUA)

Ikus dezagun orain pixka bat gainetik zein izan den gure idazleen jokabidea, eta jokabide horren azpian egon daitezkeen arrazoiak.